zaharra berri

JOSEBA LEZETA

Erlojupekoak bereziak dira beti. Baita lauak ere. Benetako zaleek gogoko dute karreristan bizikletarekin bat eginda ikustea, haizeak ahalik eta kalterik gutxien egin dezan. Erlojua eskuan hartu eta aurreko txirrindularia igaro denetik zenbat denbora igaro den neurtzen dute. Baita faboritoen artekoa ere. Telebistak proba mota honen jarraipena egiteko modu berria asmatu du, zehatza. Baina bide bazterrera joaten direnek badakite kronometroa ezinbestekoa dela eurentzat. Baita irratia ere, erreferentzien berri jasotzeko.

Azken eguneko kronoigoera izan zuen bereizgarri Euskal Herriko Itzuliak hainbat urtez. Gero zirkuituek hartu zuten lekukoa, gogorrak guztiak, gutxitan espezialista handien-tzat aproposak, azken urteotan Tony Martinek pare bat garaipen eder eskuratu arren. Komenigarria zen guztietan behetik gorakoan indartsu agertzea eta sailkapen nagusiko hautagaiek ia beti izan dituzte etapa garaipena lortzeko aukerak.

Lodosan, antzinakora bueltatuko da Itzulia berritasun bila. 70eko hamarkadaren hasieran ohikoak ziren erlojupeko luzeak eta aparteko gogortasun gabekoak. Haietan bideratu zituen bere lau garaipenetako bi José Antonio González Linaresek. Haietan sortzen zizkien Jesús Manzanequek kezkak Kas taldeari. Nafarroa hegoaldean, baita Errioxara sartu-irtenak eginez. Ez azken egunean, aurretik baizik. Bigarrenean hirugarrenean...

Horregatik dute Castroviejok eta Kiryienkak Skyren arantza ateratzeko aukera. Horregatik erdi erabaki dezake proba Roglicek. Baina argi, aurtengo ibilbideak zabalik utziko ditu ateak azken bi egunetarako. Erasoak bata bestaren ondoren etorriko direlako.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos