urteak dira

urteak dira
JOSEBA LEZETA

Urteak dira Euskal Herriko Itzulia buka-tzeko bi egunen faltan sailkapen nagusian horrelako alderik ikusten ez genuela. Segundo kontua izaten zen ia beti. Aldiz, aurten Roglicek 34 segundora du Alaphilippe -gainsaririk gabe 42 lirateke- eta beste guztiek minutu eta erditik gora galdu dute dagoeneko. Erlojupekoak ia erabakita utzi du irabazlea, are eta gehiago kontuan hartuta Roglicek aurreneko etapan aldapan gora erakutsi zuen nagusitasuna.

Urteak dira, baita, Itzuliko azken bi etapetan erlojupekorik ez dela jokatuko. Beraz, kontuak argi daude. Eraso egin behar da irabazteko. Karrera gogortu. Liderraren eta bere taldearen ahultasunen bila irten. Etsi ez. Mendateak daude horretarako. Azurki gaur. Arrate bihar. Matsariatik gainera, pendiz handiagoekin. Horrek aldatzen du ikuspegia eta neurtuko du, era berean, zenbateraino aproposa den ala ez erlojupekoa egunez aldatu eta aurreratzea.

Urteak dira proba honek erlojupeko hain laurik ez zuela. Ederra da, nola ez, txirrindulariak 50 km/h-ko abiaduratik gora ikustea. Azkar, oso azkar. Denetarik behar du. Zergatik ez. Hustuta ailegatu ziren karreristak helmugara.

Urteak dira, baita, Euskal Herriko Itzulia hankaz gora jarri duen etaparik ez dugula ikusi. Urrutitik jotako eraso bat dut gogoan, 1995koa, duela hogeita hiru urte. Bigarren eguneko ihesaldi bati esker, Nicola Miceli zen sailkapen nagusiko buru. Alde politarekin. Puchetasko aldapan eta La Arboledan gora nahiko txukun eutsi zion Once taldeko Zullek eta Jalabertek jotako erasoari. Hurrengo egunean Trapagarandik Lekunberrira zihoazen txirrindulariak. Gipuzkoan barrena, Gorla eta Urraki igo zituzten. Horiek eta Clasek, besteak beste, hankaz gora jarri zituzten tropela eta sailkapena. Miceli lur jota utzi zuten. Taldekide barik, indar barik. Minutuak eta minutuak galdu zituen. Urrakin lehenik, Azpirotzen ondoren.

Horrelako baten premia dago Roglic lehen postutik ken-tzeko. Zenbait talde bildu lehenik. Lagun barik eta indar barik utzi beharko lukete gero. Helmugatik ahalik eta urrutien, min egin eta aldea handitzeko. Aitortu behar da, kontuak kontu, oraingo Roglic ez dela orduko Miceli. Baina batek daki.

 

Fotos

Vídeos