Sekula ez da erraza

Sekula ez da erraza
JOSEBA LEZETA

Jaieguna Euskal Herrian, nabaritu zen Zarautzen. Jende ugari bildu zen Itzuliko lehen etapaz gozatzeko, karreristak metro batera ala bira ikusteko... nahiz eta trafiko eragozpenak bizi. Hori ere berea du txirrindularitzak ezustean harrapatzen dituenentzat. Nabari da Mikel Landaren gorakadak eta Izagirre anaiek zaleengan sortu duten itxaropena. Etxekoak benetako hautagaiak dira. Lehen egunean denbora galdu arren, zeresana izan dezakete hirurek datozen etapetan.

Hasi aurretik, gainsariek sailkapen nagusian zenbaterainoko eragina izan dezaketen zebilen askoren ahotan. Baina mahai gainean beste galdera bat geratu da atzoko etapa ederraren ondoren. Roglicen irabazita al du Itzulia? Erlojupekoan aldea handituko duela kontuan hartuta, ondorio horretara hel daiteke... Arrisku hori du aurreneko eguneko ibilbidea gogor-tzeak. 2014an, urrutirago joan gabe, Alberto Contador lider izan zen aurreneko egunetik azkenera arte.

Baina balantzaren beste aldean kontrakoa uste izateko arrazoiak jar daitezke: hainbat taldek hasiera-hasieratik erakutsitako konpromisoa, Roglicen taldekideen errendimenduaren inguruko zalantzak, bost etapa eta mendate ugari dituztela aurretik erasoak jo eta esloveniarra ezustean harrapatzeko... Euskal Herriko Itzulia kontrolpean jokatzea ez da sekula erraza izan. Aurten ez da kontrakoa gertatuko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos