Katea eten dadin

JOSEBA LEZETA

Urrutitik saiatu zen Movistar. Helmugarako 65 kilometro geratzen ziren Gorlan gora tropelaren erritmoa bizkortu zuenean. Min eginez gainera. Dozena bat baino ez ziren aurrean. Besteak metroak galduta. Batzuk, gutxi; beste zenbaitek, asko. Goitik beherakoan bat egin arren, kaltea eginda zegoen eta txirrindulari askoren hanketan zihoan.

Urrutitik jo behar zen Roglic mendean hartzeko. Saiatzeko behintzat. Aurreneko egunetik ezinezkoa zirudien eta atzo ez zen kontrakorik usteko zan-tzurik ikusi. Bakar bat ere ez. Isolatu zuten, taldekiderik gabe utzi, baina indartsuenen parean ibili zen. Mikel Landa bezain ondo igo zen aldapan gora Endoian zein Azurkin. Ion Izagirrek ere ez zion aparteko buruko minik eragin. Laster konturatu ziren biak euren helburua podiumerako lekuak lortu eta ziurtatzea zela. Kamiseta horia beste egun baterako kontua beharko duela. Suertatuko balitz.

Hainbat aurkari hankaz gora jartzeko, urrutitik jo zuten Landak eta Izagirre txikiak. Roglic ez, baina biktima zerrenda luzea da. Gorka anaia Endoian. Baita atzo arte han itxura ona emandako Borako bi kideak ere, Konrad eta Buchmann. Zer esanik ez Bardet. Erlojupeko kolpeak kalte egin zion. Aurreko egunetan hain indartsu agertutako Alaphilippek ere men egin zuen Azurkin gora. Landaren eta Ion Izagirreren esanetara jarri zen.

Itzuli ederra euskal txirrindulariena. Omar Frailek etapa irabazi du. Gaur okerrik ez bada, Mikel Landa eta Ion Izagirre ondoan izango ditu Roglicek Arrateko podiumean. Sailkapen nagusiko zazpi aurrenekoetan arabar bat, gipuzkoar bat eta bizkaitar bat, Pello Bilbao -zazpigarren-, ageri dira. Hogeita hamar urteko buelta horretan, onenean dira Euskaltel-Euskadi taldetik sortutako karrerista hauek. Fraile bera ere laranja kolorekoekin fitxatzekoa zen 2013an Miguel Madariagak sortutako taldea desagertu zenean.

Beste bi berri pozgarri ere badira euskal txirrindularitzarentzat. Caja Ruralek bizirik segitzen du. Alex Aranburu, 26. helmugan, Lambrecht belgikar gazte etorkizun handikoarekin ailegatu zen. Euskadi-Muriaseko Garikoitz Bravo ere han zen, talde berean. Horietatik irten behar dira hurrengoak katea eten ez dadin.

 

Fotos

Vídeos