Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Ikuskizun ederra eskaini zuten txirrindulariek Arrigorriagatik Arrateko santutegira bitartean egindako 150 kilometroetan. Bosgarren etaparen zain geunden eta ez zuen hutsik egin. Helmugarako artean 65 kilometro falta ziren Enric Masek tropela astindu, zatitu eta Arribinietan gora Schachmann liderrari aurreneko estutasunak eragin zizkionean. Ondoren ikusi genituen mugimenduak, erasoak, babes mugimenduak, estrategiak, arbelak, liderraren taldea erasora, erasora behartuta zeudenak defentsara... Ederra guztia.

Sarritan entzuten dugu izenek ematen dietela distira txirrindulari itzuliei eta probei. Ez nator bat iritzi horrekin. Duela gutxi Katalunian jokatu den Voltan Alejandro Valverde, Nairo Quintana, Egan Bernal, Miguel Ángel López eta abar... aritu ziren. Itxura batean, aste honetan baino izar gehiago. Ikuskizun bermea? Ez beti.

Euskal Herriko Itzuliak badu zerbait izenen gainetik doana. Alaphilippe, inolako zalantzarik gabe, aipatu ditugun horien tamainako karrerista da gaur egun. Munduko zerrendan onena. Baina asteazkenean erori ondoren, ostegunean agur esan zion probari. Baita Kwiakowskik ere. Izar bi, lehiaz kanpo. Halere, lehia aldatu arren, ez du behera egin.

Schachmann eta Buchmann abizenei fama falta zaie. Baina astelehenetik erakutsi dutena apartekoa da, gutxitan ikusitako modukoa. Eta Boraren portaera, Itzuliaren historian hizki handiz sartzeko modukoa.

Horregatik diot, izenez gain, zenbait txirrindulari probek badutela ezkutuko zerbait. Lehenago ala geroago bistaratzen dena. Euskal Herriko Itzulian zaila da tropelaren baimenarekin jaiotako urrutiko ihesaldia helmugara ailegatzea. Talde indartsuek eta garaipenerako hautagaiak dituztenek ia beti hartzen dute jazarpenaren ardura. Ibilbide gogorrak, bestalde, onenei baino ez diete aukera uzten. Urrutitik ala helmugatik gertu jo erasoa.

Eguzkiak eta izarrek Euskal Herriko Itzuliarekin bat ez egin arren, lainopean ere bada zer ikusi eta zertaz gozatu. Buchmannek berak ere ez daki ziur aski zein tamainako garaipena duen gertu. Ondo egin ditu lanak orain arte. Baina hobe du lo ez hartzea. Aurkariek ez dute bakean lagako. Gaur irten bezain laster konturatuko da: hau Euskal Herriko Itzulia da.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios