Gertuko izarrak

Gertuko izarrak
gaizka lasa
GAIZKA LASA

Aspalditik nuen gogoa mezu hau zabaltzeko eta iritsi da egun ezin aproposagoa. Izan ere, gaurtik aurrera gure kiroleko izar handiak ikusiko ditugu gure errepideetan. Normalean telebistan, aldizkari edo egunkarietan ikusten duguna aurrez aurre izango dugu. Profesional onenen distira hori bertatik bertara gozatzeko aukera jartzen digu urtero Itzuliak (baita Donostiako Klasikak ere abuztuan). Kontua da argi printza horiek hain gertutik jarraitzea gero eta zailagoa dela goi mailako kirolean. Gero eta urrutiago geratzen zaizkigu hainbeste miresten ditugun protagonistak. Euren autobusetan, hoteleko geletan edota mendi tontorretan egiten dituzten entrenamenduetan. Komunikabideetan ere gero eta gutxiago egiten dituzte agerraldiak, prentsa arduradunak tarteko. Hori bai, ez dira zorionez futbolariak bizi diren burbuila horretan ezkutatu oraingoz. Izarren artean ere mailak eta mailak baitaude. Guzti honengatik nabarmentzekoa iruditzen zait gaur egun ahaltsuenen galaxia horretan lehiatzen diren bi gipuzkoarren jarrera. Izagirretarrak, Ion eta Gorka, Gorka eta Ion, gaur munduko txirrindulari onenen artean faboritoak dira, eta ez guretzat bakarrik, baita munduko beste puntatik lasterketa jarraituko dutenentzat ere. Errepidean irabazi dute rol hori. Baina goraipatu nahi nuena ez da hori, ez hori bakarrik behintzat. Kontua da, izarrak izan arren, euren etxeko ziklokros batean parte hartzeko nortasuna erakutsi dutela. Neguan, garrantzi ikaragarria duen denboraldi baten atarian, lokatzetan gora eta behera ibiltzeak duen arriskuarekin. Zerutik lurrera jaitsi ziren Ormaiztegin Gorka eta Ion, zaleen gozamenerako. Telebista eta aldizkarietatik kaleetara jaitsi ziren. Ia garesti ordaindu zuten izan zuten erorketarekin, baina zorionez gaur Zumarragan sasoi sasoian daude. Txorakeria irudituko zaizue beharbada, baina zein garrantzitsua den horrelako ereduak ikutu eta usaindu ahal izatea neska eta mutiko askorentzat. Horren balioa handia da. Gertutasun horrek ez dauka preziorik. Ilusioa pizten baitu. Eta hori dago guztiaren oinarri oinarrian. Ilusioa. Garai batean ziklokros zirkuituko zintak moztu eta etxera eramaten genituenean pizten zitzaigun ilusio hura. Eskerrak izar batzuk oraindik ere gertukoak diren.

Más sobre la Itzulia 2019