Euskal hutsunea

Euskal hutsunea
JOSEBA LEZETA

Mikel Landa, Izagirre anaiak eta Pello Bilbao Euskaltelen hasitako txirrindulariak dira, euskal harrobiak nazioarteari begira hainbat urtez izandako irtenbide nagusian. Zer sortu da haien atzetik? Ezer gutxi. 2012aren bukaeran talde laranja desagertu zenetik, urtetako hutsunea.

Euskal txirrindulari profesional kopuruak behera egin du nabarmen. Ez da behar bezala berritu. Lehen zeudenak adinean gora joan dira eta 30 urte buelta horretan daude aipatutako laurak. Hortik 25era, aipatzeko moduko izen gutxi.

Munduan banatuta daude Euskal Herriko Itzuli honetako sailkapen nagusian aurrean kokatu diren lau euskal karrerista nagusiak. Landa Movistarren da, Astanan eta Skyn heldu ondoren. Izagirre anaiak Bahrainen aurkitu dute etxe berria, Pello Bilbaok Kazajistango Astanan bezala. Euron ibilbideak erakusten du gaur egungo txirrindularitza profesionalaren indarra gure txokotik urruti dagoela.

Gazte dantza honetan, berriz, kolonbiarrak, ekuadortarra, australiarrak, belgikarrak eta abar ageri dira. Baina euskal ordezkaririk ez. Matxinek eta Xabier Artetxek ondo ezagu-tzen dituzte hemengo proba eta txirrindulariak, baina fitxaketak beste zenbait tokitan aurkitu dituzte. Junior eta afizionatu mailetan ez da punta-puntakorik agertu azken denboraldietan eta talde handietako zuzendarien begiradak eta kontratuak beste leku batzuetara joan dira.

Caja Rural saiatu da zubi lana egiten, lurralde ikuspegi zabalagoarekin agian. Alex Aranbururi eta Jon Irisarriri profesional izateko aukera eman die. Gazteak dira eta denbora behar dute. Baita beste batzuei ere. Lan handia.

Euskadi-Murias zulo hori betetzera etorri da, Euskadi Fundazioak hirugarren maila profesionaleko taldea sortuz eman duen pausoarekin batera. Ezinbestekoak dira zeregin horretan.

Astia behar da orain. Txirrindularia ez da gauetik goizera egiten. Lapikoan denbora behar du behar bezala egosteko. Asteburuero han eta hemen dabiltzan kadete eta juniorrek irtenbidea behar dute saiatu eta gora egiteko. Ahal bada, Bahrain ala Astana baino gertuagokoa, hatz muturrekin uki daitekeena. Garai batean bezala.

 

Fotos

Vídeos