BUSTITZEKO ERA HOBEA

JOSEBA LEZETA

Eguraldia lagun izan du aurten Euskal Herriko Itzuliak. Asteazkenean tantak erori ziren Arabako bideetan eta atzo izan zen benetako euria egin duen egun bakarra. Ohituta gaudenarentzat, gutxi. Gainera, ez da tenperatura hotzik izan aste osoan. Udaberri giroa.

Txirrindulariak era baikorragoan busti dira. Etxekoak, nola ez, barruan daukaten dena atera dute. Beti bezala. Baina Roglicek berak erakutsi duen konpromisoa aipatzekoa izan da. Iaz bi etapa irabazi ondoren, hitzordua egina zuen. Pedro Horrillo antolatzaile taldeko kideak azaldu zigunez, duela aste batzuk etorri zen esloveniarra ibilbideko hainbat toki ikustera. Lotto-Jumboko kidea da Roglic eta ermuarra holandar egitura bereko kide izandakoa da, orduan Rabobank babeslearekin. Ondo ezagutzen ditu arduradunak.

Alaphilipperen portaera ere goraipatzekoa da. Iaz, ia denboraldi osorako mindu zuen belauna zenbaiten erorkeraren ondorioz. Baina itzuli egin da Euskal Herrira. Bi etapa garaipen pilatu eta maillot hiru egunez janzteko.

Harrigarriena, beharbada, Bora talde alemaniarraren portaera izan da. Peter Saganik gabe, denbora pasa etor zitezkeela ematen zuen. Baita zera ere. McCarthyk Gaubean etapa irabazteaz gain, lehian buru-belarri sartuta izan dira aste osoan. Aldapan gora, aldapan behera. Atzo Arraten hiru lagun sailkatu zituzten hamar aurrenekoetan. Aurpegia eman zuten, elkarri lagundu zioten. Buchmann podiumetik maila bakarrera geratu da, laugarren.

Txirrindularien eta taldeen konpromiso garbia ezinbestekoa du kirol honek aurrera egiteko eta zulora berriz ez sartzeko. Goitik behera busti beharra dago.

Más

 

Fotos

Vídeos