Begirunea eta errespetua

Begirunea eta errespetua
Joseba Lezeta
JOSEBA LEZETA

Zera dio nire lagun batek: «Deskargako mendateak Tourmaletak baino txirrindulari proba gehiago erabaki ditu». Ateraldiak hasieran barregura eragiten du, baina arrazoi du. Zenbat aldiz igo ote dute txirrindulari afizionatuek zein profesionalek mendate hura? Ehunka aldiz. Tourmaletera, aldiz, Tourra batez ere, Espainiako Vuelta tarteka eta Frantziako beste saioren bat baino ez dira joaten. Besterik ez. Deskargan, berriz, ia hilero lehiatzen dira karreristak eta ezinbestekoa izan zen Euskal Herriko Itzulian garai batean. Han jo zuen erasoa Contadorrek, Legazpira bidean, 2008ko ekitaldia irabazi zuenean. Baita Peio Ruiz Cabestanyk, beherakoan, 1985ekoa hankaz gora jarri zuenean, Muller lagun zuela. Zer esanik ez Erik Breukinkek 1988ko ostiral goizeko saioan, Ibardinen Suykerbuykek ateratako aldea jateko. Elurpean igo zuen Maurizio Rossik 1986an, Antzuolan irabazi zuen egunean.

1972an igaro zen aurreneko aldiz Itzulia Deskargatik. Manuel Blanco izan zen guztien buru gainean. Debagoiena eta Urolaldea, afizio handiko eskualde gipuzkoarrak biak, lotzen ditu eta jende asko joan izan da bertara ziklismoaz gozatzera, eguraldi ona ala txarra egin. Badira, halere, zazpi urte Itzuliak Deskarga ahaztu duela. 2012an txirrindulariak Beratik irten eta Oñatira heldu zirenetik aldapa hura ez da berriz protagonista izan.

Beste horrenbeste gertatzen ari da La Herrerarekin, Urkiolarekin eta Orduñarekin, begirunea merezi duten mendateak. Modan ez badaude ere, egun aparteko sakabanaketarik eragiten ez badute ere, garai batean bezain erabakigarriak ez badira ere, historiaren zati dira eta errespetua zor zaie.

Antolatzaileek kontuan hartu beharko lituzkete. Etorkizunari begiratzeak ez du esan nahi lehengoa ahaztu eta baztertu behar denik. Guztiek dute lekua. Pedro Horrillok, ibilbideen ardura duen karrerista ohiak badaki hori eta zainduko du. Beste kontu bat da, irteerak eta helmugak baldin-tzatzen dutela nondik eta nora joan, aldapa bat ala bestea igo.

Hori bai, La Herrera, Orduña eta Urkiola ezin dira desagertu. Itzuliaren bihotza ere badira. Besterik ez bada ere, figura handi haiek hiru aldapa horietan jotako erasoak eta bizitako abenturak berreskuratzeko.

Más noticias de la Vuelta al País Vasco