Bakoitzak berea

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Ikusi al zenuten zenbat neska-mutil bildu ziren atzo Zumarragan goi mailako txirrindulariak ikusteko? Bezperan, Eibarren, Valenciaga Oroitzarrea ere jende ugarik jarraitu zuen bertatik bertara, eguraldia lagun ez izan arren. Eta gogoan dut Gorlan duela aste batzuk sortu zen giroa. Txirrindularitza giroa. Leku guztietan sortzen ez dena. Bai, ordea, hemen, gurean. Horren errua partekatua da. Maila guztietako lasterketak antolatzen dituzten boluntarioz betetako talde horiena. Gure txikiak bizikleta kulturan hezten dituzten eskolena. Harrobia lantzen duten elkarteena. Igandero gora eta behera ibiltzen diren gurasoena. Euren izerdiarekin hainbeste garaipen lortu dituzten horiena. Baita ikuskizun honi bozgorailua jarri dioten komunikabideena ere. Guztion artean eraiki dugu gaur daukagun altxorra. Gustura etortzen dira gurera txirrindulari, zuzendari, epaile eta lasterketa handi bat ondo atera dadin lanean aritzen diren laguntzaileak. Sinetsi egin behar dugu, ordea. Gastronomia arloan, esaterako, etengabe saltzen dute Euskal Herriak duen xarma. Bada, gure kirolean ere punta-puntakoak izateko baldintzak ere badauzkagula ezingo dugu bada ukatu. Lasterketak baditugu onenen parekoak, baita afizioa ere. Aste hau horren lekuko. Taldea ere izan genuen. Aparta. Ez dakit inoiz horrelakorik berriz ezagutuko dugun. Ez dadila behintzat izan bakoitzak bere esku duena jartzen ez duelako.

Más sobre la Vuelta al País Vasco 2019