Arrosaren arantza

Gaizka Lasa
GAIZKA LASA

Zorigaitza. Horixe izan zen. Ez du merezi buelta gehiago ematerik. Gure arrosaren arantza dira erorketak. Errepide zabal eta samur batean gertatu zen atzokoa, eta eskerrak. Bestela, antolatzaileek epelak en-tzun beharko zituzten gaur. Sterrato malapartatu horretan lurrera joan eta Alaphilippe edo Kwiatkowski bezalako izenak lasterketaz kanpo geratu balira, honezkero sua piztuta legoke ibilbideen diseinua dela-eta. Baina ez. Ezbeharra izan zen. Estibalitzeko Ama Birjinari ez zaio nonbait goi mailako txirrindularitza gustatzen. Zer egingo diogu, bada!

Bai, lasaiago eta erosoago joango balira, batak bestearekin tarte zabalagoa utziz, ez litzateke horrelakorik gertatuko. Baina ezinezkoa da hori. Hau lehiaketa profesionala da. Une erabakigarria iristen denean, bakoitzak leku onena bilatzen du. Kokapenak indarrak adina garrantzia hartzen du zenbaitetan. Tropel buruan ibiltzeko trebetasuna behar da, profesional bati eskatzen zaizkion dohainen artean dago talde estuan mugitzeko gaitasuna. Indartsu eta fin egotearekin ez dago dena egina. Azken metroetako pedal kolpea eraginkorra izateko, aurretik gauza asko egin behar dira ondo; koloretako artalde handi horren barruan ahalik eta indar gutxien xahutu, esaterako, kokapen ona galdu gabe. Ofizio hau ez dela hain erraza, alegia. Baina Euskal Herriko Itzulian parte hartzen duten txirrindulari guztiek dituzte baldintza tekniko onak. Atzokoa ez zen trebetasun faltagatik izan. Zorigaitza izan zen.

Ia egunero daude lasterketak, bere tentsio uneekin, eta tarteka erorketak gertatzen badira ere, gehienetan euren abileziari esker saihesten dituzte txirrindulariek. Ahaltsuak ez ezik, artistak ere baitira World Tour delakoa osatzen dutenak. Atzo bezalakoak horri ematen dio balioa. Hain metro gutxitan eta hain leku txikian hainbeste txirrindulari halako abiaduran joatean logikoena dirudiena ez da normalean gertatzen. Pentsa dezagun hori. Goraipa dezagun. Irakurketa baikor bakarra hori da gaur.

Hori, eta gaurtik aurrera zenbait txirrindulari egurrean ikusteko itxaropena, sailkapenean denbora galdu eta askatasun pixka bat izango dutelako. Itzulia irabazteko borroka polita izango da, baina etapen lehia ere ez da nolanahikoa espero.

Más noticias de la Vuelta al País Vasco